ISBN

2011eko Azaroan

Salneurrria 16 euro

 

Liburua erosteko sakatu hemen

 

Andrea Camileri

 

Hilabete bat Montalbanorekin liburua da Camilleriren mundu berezian eta Salvo Montalbano komisarioarenean sartzeko biderik egokiena.
XIX. mendean polizia eleberriak idazten hasi zirenez geroztik, asko izan dira beren bidea egin duten detektibeak, eleberri bakar batek ezarritako muga estuak gainditu eta sail oso bat osatu dutenak, bizitza propioa hartu eta, kasu batzuetan, letren mundura ekarri zituen egileari berari gain hartu diotenak. Edgar Allan Poe, Sir Arthur Conan Doyle, Raymond Chandler, Agatha Christie eta gisako klasikoen lumatik sortu zirenak albo batera utzita, gaur egun ere franko dira Europan irakurleen arreta bereziki bereganatzen ari diren detektibeak. Haietako bi ditugu Vázquez Montalbánen Carvalho eta Andrea Camilleriren Salvo Montalbano, izena idazle kataluniarrari zor diona, handia baita Camillerik Vázquez Montalbán zenari dion mirespena.
Montalbano komisarioa pertsona bitxia da (malenkoniatsua, fatalista, hiztun paregabea, kultua, zorrotza), irakurle porrokatua, eta izugarri maite duena bai bere lurra, Sizilia, bai bertako sukaldaritza ere. Estatuko poliziaren ordezkari, legearen eta justiziaren defendatzailea da, nahiz eta ez zaion askorik inporta legea urratzea kasuak argitzeko.
Siziliako Vigàta herri balizkoan argitu behar dituen kasuetatik abiatuz, mundua zergatik den halakoa ulertzen saiatuko da Montalbano.
Liburu honetan Montalbanok hogeita hamar kasu argitu behar ditu, eta bakoitzak polizia berezi honen alderdi bat utziko digu agerian. Mota askotako delituak dira: hilketa prestatuak, pasiozkoak, finantzarekin edo politikarekin lotuak, mafiak burutuak. Batzuk Montalbanoren karreraren hasieran gertatuak, Salvok artean ere justiziaren ahalmenean sinesmen osoa zuen garaian. Beste batzuetan, garbi gelditzen da giza adimena ez dela aski hilketaren motiboak ulertzeko. Ironia fina eta, harrigarria badirudi ere, errukirako ahalmena zorroztasuna bezain baliagarriak izan daitezke egia aurkitzeko.
Camillerik omenaldi bikaina egiten dio Siziliari, bertako jendeari, eta uhartearen erretratu sail bat eskaintzen digu.
Liburu honetan, gozo eta patxadaz irakurtzeko, 30 kasu ditugu: bat egunean, hilabetea osatzeko, hori esan nahi baitu liburuaren izenak.
Kasu guztietan, irakurlearentzako desafio bihurtzen da kontakizuna, ikerlariarekin batera asmatu nahi horretara eramaten baikaitu idazleak.
Gure oraingo kasuan, gainera, kalitate handiko osagarriak ditu Montalbanoren idazkerak: Camillerik kulturaz eta Historiaz ederki hornitzen du kontakizuna, eta umorez eta zorroztasun bikainaz zipriztindua dago.
Aditu batzuek adierazi dutenez, Camillerik Italiako literatura garaikidearen hutsune endemikoa bete du: entretenimenduko goi mailako narratiba, hutsalkeriara eta arrunkeriara jo gabe irakurtzeko plazera asetzen duena.


Prentsaurrea (.doc)

 

 

 

nortzuk garen | liburu bat bilatzeko | irakurketa gidak | kritikak