Franz Werfel
Batxillerren eguna
.Batxilerren eguna 1928koa da eta kutsu espresionista
nabarmena dauka. Nerabeen arteko istorioa da eta
egileak oso ondo islatzen du mende hasiera hartako
giro itogarria. Krisi eta aldaketa garai hartan txertatzen
du Werfelek kontakizuna: lizeoko ikasgela batean
gizarte oso bat ispilatzen da eta austriar gizartean
bezala ikasgelan ere gertatzen dira endekatze,
gainbehera eta aldaketa garai haietako fenomeno
berak. Ankerkeria eta erru istorioa da. Giza talde
batek gizabanako baten, partaide baten suntsiketa
lan isil eta gordinari ekiten dio: Adler gelako mutil
azkarrena da, eta Sebastianek, bekaizti, ikaskideak
bere ingurura bildu eta Adler barregarri utzi ondoan,
turko-buru hartzen dute. Urteak igarota, Sebastian
instrukzio-epaile bihurtzen da eta hara non Adler
ekartzen dioten hilketa lazgarri baten susmagarri.
Hobenak gain hartzen dio eta idatziz isurtzen du
paperean hobenaren zama.
FRANZ WERFEL
Pragan jaio zen (garai hartan inperio
austriar-hungariarreko hiria zena) Franz
Kafka, Max Brod, Martin Buber eta beste
intelektual judu batzuen garaikide eta
adiskide izan zen, XX. mende hasieran.
Armada austriar-hungariarrean eman
zituen bere zerbitzuak I. Mundu Gerran,
bai Errusiako frontean bai prentsabulegoan,
baina traidoretzat salatu zuten
beraren bakezaletasunagatik.
1929an Alma (Schindler) Mahlerrekin
ezkondu zen, musikariaren alargunarekin
alegia, zeina Walter Gropius
arkitektoarengandik dibortziatu baitzen
berarengatik. Idazle ospetsua zen
ordurako, baina nazioarteko ospea 1933an
lortu zuen Musa Daghen berrogei egunak
argitaratu zuenean; izan ere, armeniar
genozidioari buruzko nobela izugarri
horrek, mundu osoaren arreta erakarri
zuen.
Judu gisa identifikaturik, Werfelek ihes
egin zuen Austriatik 1938an Hitlerren
aurrera-pausoak ikusita, eta Frantziara
joan zen. Alemaniarrek Frantzia okupatu
zutenean, Bigarren Mundu Gerran eta
juduak nazien sustsipen-eremuetara
eramaten zituzten garaian, Varian Fry
kazetari amerikarraren laguntzaz,
Marsellatik Estatu Batuetara ihes egin zuen
bere emaztearekin.
Franz Werfel Los Angelesen hil zen
1945ean eta Rosendale hilerrian lur eman
zioten bertan. Hala ere, haren gorpuzkinak
lurpetik atera eta Vienara ekarri zuten.