|
Zeta
Gus Jimenez
Batzutan barruan zerbait hautsi zaigula
somatzen dugu. Lehenengoan zer izan den jakin ez dakigun arren,
eztanda ixilean errealitatea astindu digutenaren sentsazioa dugu.
Agian denborarekin ere ez dugu asmatuko esaten zer izan zen. Galderak
batzutan soberan daude. Maitatzea ez da galderak egitea. Nahikoa
da entzun eta kristalezko burbuila haundiak puztearekin. Unerik
iheskorrena zoragarriena izan daiteke. Burdin forma astun batean
koloretako arrainak ikusteko gura izan behar da. Soilik. Sobrean
helbidea idaztea bezelakoa da. Geroago idatziko dugu eskutitza,
berrehun kilometroko eskutitz zoragarria. Bizitzak ez badu zentzu
itxirik, zergatik istorioek bai? Bada, bizitza ez ote da kontatzen
diguten istorioa, bakoitzak ahal duen edo dakien erara entzuten
duena, eta ez ote diogu horregatik bakoitzak bizi indibiduala duela?
Bakoitzak berea asma dezake. Agian instant batean. Ederra izango
litzateke. Momento berean posible izango balitz, posible balitz
momento berean ur tanta bat harrapatzea, liburu baten azkenengo
lerroa irakurtzea, izotzezko putzu batean irristatzea, deika ari
zaizkigula ohartaraztea, Marie-ri lepoan muxu ematea, lehenengoa
balitz bezela, eta irtetzen ari den trenaren atzetik korrika egitea,
ahaztutako izen bat gogoratzea, inoiz barkatu gabeko norbaiti barkatzea,
gau itxian euri pareta baten tartetik dorreko kanpaiak entzutea,
berriz ikusiko ez dugun laguna eskuarekin agurtzea, momentu berean,
momento bakarra balitz bezela, ez apur bat lehenago ez geroago (lehenago
ez dago ezer/geroago ez dago ezer), sekuentzia errepikaezinean.
Eta horrela bukatzea, ahituta, momento horretan bertan, hitz bakar,
zehatz bat ahoan dugula. Ahituta, momentu horretan bertan, hitz
bakar, zehatz bat ahoan dugula.
|