BORTIZKERIA
URPEAN
Markos Zapiain
Diru premia tarteko ez dela, itzultzailea barne beharrak bultzatzen
du itzulgaiak aukeratzera. Asun Garikano bestelakotuek, gontzetarik
jalgiek, daukate liluraturik eta harrapaturik.
Liburu hau eskuan hartzen duzunean bertan sartzen zara etxe tronpagarri
batean, guztia baitu ispilu eta mudantza. Itzultzailea bera, Asun
Garikano, ez ote da Faulknerren Hotsa eta ardaila euskaratu zigun
Maria Garikano hura? Zer indar enigmatikok bultzatzen du itzultzaile
hau bikoizketak eta besterentzeak gertatzen diren putzuetara? Hemen
Tom Dickie bilakatzen da, baina han Faulkner ez zen Benjyz kanpotik
eta zentzunez mintzo, baizik Benjy bihurtu zen, atzeratu, ume. Mozkor
bat sasirik sasi-ren protagonista ere, galduriko pattarra berriro
nasaiki edatearren, Jainkoen aita zein txori erraldoi bilakatuko
da, gizatasunaz harat. Bere semearen izena, gainera, ZURRJIR da,
“seme bat laster beste zeozer bihurtuko dena” alegia.
Han zen noski Garikano.
Orain P. Highsmithen lehenbiziko Ripley eleberria itzuli digu.
Garikanok berak itzuli eta orobat Igelak argitaratu Ripleyren jokoa-rekin
gozatuak eta kezkatuak ginen aurretik franko. Highsmithek, izan
ere, gezurti, iruzurgile eta hiltzaile batekin osotoro identifika
gaitezen erdiesten du. Bere burua zintzo eta zuzentzat dukeen irakurlea,
Ripleyren gezur, iruzur eta hilketak ongi joan daitezen nahi duela
ohartuko da supituki, harrapa ez dezaten, aberats bihur dadin. Gizatxar
nazkagarri nabarmen batekin bat egingo du irakurle harrituak. Hain
da aldi berean maitagarria Tom umezurtz malderra, hain apaina eta
psikopata!
Oraingo honetan, estatubatuar aberats batek Italiara alde egin
dion seme margolari eskasa etxera ekar dezan eskatzen dio. 24 urteko
Tom Ripley, hortaz, Napoli aldera doa, 24 bat urteko Dickieren bila.
Baina Ripleyk izugarrizko joera du antzezteko, bestelakotzeko, imitatzeko.
Halatan, esan bezala, Dickie da bilakatzen, nolabait. Asko ikasten
du Dickie den bitartean. Luzio ere, soilik asto bihurturikoan hasi
zen ganoraz ikasten Urrezko astoa-n. Izan ere, ikastekotan, benetan
ikastekotan, beste zerbait behar duzu bilakatu: asto, atzeratu,
Jainko, aberaskume. Gero, zenbait, etxera itzultzen da, norberaren
baitara. Itzuleran oztopo latzak gainditu beharko ditu Ripleyk.
Azkenik, berriz ere Tom Ripley huts dugularik, aberastu egin zaigu
arras, zentzu guztietan.
Lehenbiziko irakurraldia ziztu bizian doa, irakurtzen ari zarela
ere ahantziz murgiltzen zara kontakizunean. Bigarrenean, aldiz,
P. Highsmith sorgin bakartiak zeure gogoaz jabetzearren baliatu
estrategiak aztertuz goza dezakezu, ikusgarria baita zelan atontzen
duen pozoia bere eltze larrigarrian, amaraunean oharkabean sar gaitezen:
suspentsea; Tom negarrez Dickieren gurasoen oparia jasotzean; ezustekoak;
Tomen adimenaren hoztasunaren eta aldi berean bortizkeriarako joera
kontrolgaitzaren zantzuak, Freuden irakurle arretatsua izan zen
Highsimithek sexu gurariaren gabeziarekin lotzen baitu dotore, aipatu
gabe hots; eta oroz lehen ura, guztia setiatzen duen ura, ez baita
hemen bizi iturri, baizik arrisku itogarri, eromen, heriotza finean,
azaleko Olariagaren margolanak egoki adierazten duenez.
Gabonetan zinema aretoetan agertuko da Anthony Minghellak (Gaixo
ingelesa) zuzenduriko Ripley trebea, Matt Damon eta Guilni Patrol
oskarduna protagonista. Estatu Batuetan 500 sarrera ematen dituzte
doan “Amazon.com”en liburua erosten duten 500 lehenbizikoentzat.
Berez da gehiago amerikar arraza geurea baino. Kontua da euskaraz
irakurtzen ez duen euskaldunak ezin duela liburu hau baztertu, gatz
eta piperdun gogoeta alimalea (“ona filma; liburuaren aldean,
hala ere, galdu egiten du”) patxadaz botako badu. Itzulpen
hau ederragoa baita espainola eta frantsesa baino, eta munduaren
astuna arinduko dizu.
|