|
Moral bat haratago
Juan Luis Zabala
Zer bilatzen duzu, irakurle, literatura irakurtzean?
Eguneroko bizitzatik aterako zaituen istorio atsegin bat? Hizkuntzarekin
jolasean trebe ageri den idazle baten txinparta eta su-festa harrigarriak?
Inguruko zein mundu osoko injustizia lazgarrien salaketa gordin
eta zorrotza? Irakurri eta gero apaletan uzterakoan harro sentiaraziko
zaituen liburu mardul baten jabetza?
Annie Ernaux-k bestelako ideia bat ematen du
literaturaren zereginaz Pasio hutsa-ren sarrerako testu laburrean:
"Uda honetan X sailkatutako film bat ikusi dut lehenengo aldiz
telebistan, Canal Plusen", azaltzen du lehenengo. "Nire
telebistak ez du deskodetzailerik, irudiak lausotuak ikusten ziren
pantailan" ñabartzen du ondoren. Gero gogoeta egiten
du ikusitakoaz: "Mendeak eta mendeak igaro dira, ehunka belaunaldi,
eta orain arte ezin izan dugu horrelakorik ikusi, emakumezko baten
sexua eta gizonezko batena elkartzen, esperma; lehen ia hil gabe
ikusi ezin zena, orain bi lagun elkarri bostekoa ematen ikustea
bezain arrunt bihurtu da". Eta literaturari buruz duen iritziari
lotzen dio, azkenik, hori guztia: "Iruditu zitzaidan idazte-lanak
horretara jo beharko lukeela, koitoaren eszenak eragiten duen zirrara
horretara, angustia eta txundidura horretara, judizio moralaren
etendurara".
Pasio hutsa pasio bero, zoro eta artega baten
kontaketa ezin hotz, arrazional eta sosegatuagoa da, eta narrazioak
baditu, gainera, paradoxa hori muturreraino eramaten laguntzen duten
bi elementu indartsu: lehen pertsonaren erabilera eta mugarik gabeko
zintzotasun biluzia.
Annie Ernaux-ren kasuan, giza izaeraren barne
muinetaraino murgiltze ahalegin zintzo bat da literatura, moral
guztietatik haratago kokatua, edo, hori ezinezkoa bada, moral bat
haratago kokatua gutxien-gutxienez. Pasarte batzuk aspergarri eta
errepikakor samarrak gertatu zaizkit, baina liburua amaitzean inoiz
izan gabeko parajeetan izan naizelako irudipena izan dut, eta hori
ez zait liburu askorekin gertatzen.
|