|
Koaderno pertsonala
Igor Estankona
Igela argitaletxe nafarraren itzulpenekin literatura moderno, bizi
eta kalitatezkoa irakurtzeko aukera daukagu ia beti. Ia beti diogu,
liburu batzuk beste batzuk baino mamitsuagoak izaten direlako. Ez
naiz ari irakurlearen gustuaz soilik, baizik eta bilduma bateko
tituluen artean batzuek izan dezaketen pisuaz, beste batzuekin alderatuz
gero. Annie Ernauxen "Pasio hutsa"k izan ditzakeen kualitateak
ahaztu barik (tabuaz hitz egin, emozioak beldur barik erakutsi e.a.)
ez zaigu iruditzen irakurlea "beteta" uzteko behar diren
elementuak biltzen dituenik.
Liburua motel hasten da eta halantxe bukatzen
da, bukatu ere. Erritmo arazoa baino gehiago zeresan arazoa dela
ematen du. Ezinezko maitasun batek utzitako zuloa beti da sakona
eta hemen sakonagoa eta ilunagoa da oraindik, idazketa guztia deusezteraino.
Obsesio bat bizitzen ari garenean horixe da gertatzen zaiguna, seguruenik.
Alde horretatik ausarta eta interesgarria da liburua. Hala ere,
unatu egiten du askotan.
Liburuaren erdi-inguruan kontaketa berpiztu
egiten da apur bat. Protagonistak Firenzera egiten duen bidaia baten
ostean gertatzen da hori. Etxetik urrun konturatzen da pasio huts
edo maitasun alferreko hori deika daukan zeozer dela eta bizitzeko
beharrezkoa bihurtu zaiola. Aipatutako bidaia horren ostean datoz
lerrorik gogoangarrienak, batez ere itzulerak bigarren gauza bat
baieztatzen duelako: ez dagoela zereginik, etorkizun bako bikote
bat direla. Protagonista lotsorra bere bizitza propioa berreskuratzen
ahalegintzen da nahiz eta jadanik maitalearen irudiak inguru guztia
kutsatuta eduki. Kontaketa berriro itzultzen da, ordea, hasierako
puntura: ondorio garbirik gabeko bakarrizketara.
Autoreak berak aitortzen du bere helburua ez
zela beste mundukoa: "Neuk bakarrik uler dezakedan idazkeraz
zirriborratutako orrion aurrean pentsa dezaket oraindik ere testu
hau pribatua dela, inolako ondoriorik gabeko umekeria ia".
Guk ez genuke hain gordin esango; lehen esan dugu pasarte ederrak
ere badaudela. Baina ez datorkigu txarto idazleak berak onartzea
gehiegi landu gabeko eguneroko bat dela "Pasio hutsa".
Bilduma bateko liburuek, beraz, ez dute zertan
pisu berbera izan. Annie Ernauxen ahalegin hau arina iruditu zaigu.
Arinegia, egia esan.
|