|
Egia biluzik
Ibon Egaña
Gogoan daukat Unai Elorriagaren SPrako tranbia kaleratu berritan
bati baino gehiagori entzun/irakurri izana zerbait berezia zela
liburu hura, ordura arte sekulan irakurri gabeko literatura zela
nobela hartakoa. Eta antzeko sentsazioa izan dut Pasio hutsa irakurriz
ere, agian irakurri ditudala liburu borobilagoak, baina ez hau bezalakorik.
Niretzat, behintzat, berria eta berezia dela Ernauxen literatura,
alegia.
Pasio eta amodio istorioa da Pasio hutsa, grinaren, antsiaren eta
desiraren kontaketa. Gizon bat eta emakume bat dira pasioak lotzen
dituen bi pertsonaiak: lehen pertsonan hitz egiten duen narratzaile
izenik gabea da emakumea; A. letra bakar soilaz izendatzen dena,
berriz, gizona. Emakumea da pasioaren, desiraren subjektua, eta
gizona, berriz, objektua, desiratutako gorputza (maizegi ikusita
gaude alderantzizkoa), Pasio irrazional,
ametsezko eta maiz irreal bat da orri hauetan kontatzen dena. Bizitzaren
zentzu eta helburu bakar bihurtzerainoko indarra duen pasioa. Halako
pasioa non A rekin ez dagoen denbora oro alferrik galdutako, itxaronaldia
den emakumearentzat. Ernauxek berak liburuan aitortzen duenez, pasioa
azaltzea da liburuaren xedea, ez hura esplikatzea, eta, hala, emakurnearen
eta A-ren arteko harremanaren zertzeladak aurkituko ditugu liburuan,
narrazio linealik ez, denboran atzera-aurrerajauzi egiten duten
bizitza erretratuak baino. Pasio beroaren aurrean idazkera hotza
hautatu du Ernauxek liburuan, lehorra eta zehatza.
Maiz hitzak eta gertakariak zerrenda batean ematen ditu, bere horretan,
ekintzaren eta narratzailearen artean urrutiramendu bat lortu nahian
bezala. Edo indarra, berotasuna, pasioa ekintzaren muinean utzi
nahiko balu bezala, idazkera ahalik eta aseptikoenera joz.
Intimitatea
Fikzioa bionbo bat izan daiteke batzuetan, idazleak bere eta errealitatearen
artean korritzen duen kortina. Geure buruari ihes egiteko koartada.
Alderantzizkoa da Ernauxen literatura: autabiografiara jotzen du
eta handik abiatzen da bere idazketa-lana. Ispilura biluzik begiratu
eta ikusten duena kontatzen du idazle frantsesak, ezer ezkutatu
gabe. Bere bizitzaren atalik sakonenetan arakatzen du, eta barruranzko
begirada horretan, intimoetan intimoena du literatura gai: sentimenduak
eta sexualitatea. Artifizio guztiak bazterrean uzten ditu Ernauxek
esentziara, muinera joateko. Liburu batek rnunduarentzako egia zati
txiki bat izan behar duela pentsatzen du Anniek eta horixe da Joseba
Urteagak itzulitako Pasio hutsa ere: pasiozko harreman bati buruzko
egia. Eta egiak ez du lotsarik, pudorerik, gizarte moralik onartzen,
horien guztien gainetik dago egia, horiek guztiak baino esentzialagoa
da. «Haren esperma gordetzearren, ez nintzen biharamuna arte
garbitzen, jakina» irakurtzen dugu liburuan eta pentsarazten
digu egiak beharrezkoa duela transgresio puntu bat, itxura nagusi
den gizartean aurrera aterako bada. Horregatik pentsatzen dut irakurleak
bere burua ikusiko duela islatuta liburuan, geure buruari aitortzera
ausartzen ez garen horiek erakusten dizkigulako Emauxek. Bere egia
kontatuz, gutako askoren egia zatiak azaltzen ditu, eta hurbiltasun
bat lortzen irakurlearekin, lortzen zaila den identifikazio hori,
hasierako, hoztasuna gaindituz.
Bere bizitzako pasadizoak bihurtzen ditu literatura Ernauxek, eta
liburuan bertan aurreikusten du «autobiografikoa da?»
bezalako galderei egin beharko diela aurre liburua kaleratu orduko.
Baina, agian, egin beharreko galdera beste bat litzateke: axola
al du benetan autobiografikoa izateak?, izan ere, aldatzen ote du
ezertan liburuaren irakurketa edo liburuaren kalitatea istorioaren
benetakotasunak? Irakurle bakoitzak erantzun beharko dio galdera
horri, baina sentipena dut narrazio honek berezkoa duela indarra,
testuaren barneko koherentzian eta sinesgarritasunean bilatu behar
dela idazlearen maisutasuna. Gainerako guztia bigarren mailakoa,
izatekotan ere osagarria dela.
Desberdintasunak desberdintasun eta norberari berea aitortuta, parekotasunik
ikusten dut liburu honen eta berriki irakurri dudan La vie sexuelle
de Catherine M. nobelaren artean. Bietan antzematen da norberaren
egia biluzik agertzeko borondate bat, erabateko zintzotasunera jotzeko
gogoa. Eta, nire uste merkean, etengabeko krisian omen dagoen nobelarentzako
etorkizunerako bide posible bat zedarritzen dute liburu hauek, beste
batzuekin batera, noski: intimoenera konplexurik gabe, lotsarik
eta beldurrik gabe hurbiltzen den literatura proposatzen dute, non
lorpenik handiena sintzeritatea eta horrekin irakurlearekiko lortzen
duen konplizitatea den.
Mugako, ertzeko, bazterreko literatura da, finean, Ernauxena, berritzailea
eta apurtzailea. Egiaren bilaketa du helburu nagusi, eta egia maiz
deseroso zaigun neurrian, Emauxen literaturak ere ezinegona sor
diezaguke. Eta, batez ere, definizio tradizionalak eta klixeak gainditu
beharra azaleratzen digu. Berriki, egiaren bilaketa muturrera eramanez,
Se perdre kaleratu du idazleak, Pasio hutsa-n kontatzen den harremana
bizi izan zuen sasoian idatzitako egunerokoa, hitz bakar bat aldatu
gabe. Bistan denez, sortzen diren eta erantzun erabatekorik ez duten
galderak hamaika dira: esparru publikoaren eta pribatuaren arteko
mugaz, intimitatearen definizioaz edo literaturaren izaeraz eta
funtzioaz. Bere xumean, arrisku eta indar handiko nobela da Annie
Ermauxen Pasio hutsa. Etorriko bide diren itzulpen berrien irrikaz
geratzen gara.
|