|
Lehen aldiz maitemindu gineneko hura
Estibalitz Ezkerra
Bizitza gertaerez beterik dago, baina guztiei
ez diegu garrantzi bera ematen. Pasarte batzuk nostalgia puntu batez
gogoratzen ditugun bitartean, beste batzuk oroimenaren txoko ilunen
batean egotera kondenatzen ditugu. Adibidez, zeinek ez du gogoratzen
lehenengoz maitemindu zen aldia, edo gaztetan zituen ametsak, heroiak
etab.? Hain zuzen ere, lehen amodio horren inguruko gogoetak bildu
ditu Igela argitaletxeak Lehen amodioa izeneko liburuan. Bertan
XX. mendeko bost idazle handiren ipuinak jaso ditu: Dylan Thomas,
Gerard de Nerval, Cesare Pavese, Guy de Maupassant eta Samuel Beckett.
Eta liburuaren kontrazalean agertzen den moduan, guztiak benetako
harribitxiak dira. Lehen lauren kontakizunek, maitasuna / inozentzia
/ garai zoriontsuak trinomioari loturik, irudi idilikoa aurkezten
dute. Idilikotasun hori arras nabaria da kokalekuetan: bakoitzak
bere sorterrian girotu du istorioa (Thomasek Galesen, Pavesek Italian,
eta De Nervalek eta Maupassantek Frantzian), eta industrilizazioa
ezagutzen ez duten paraje ederretan, gainera (hondartza, basoa,
mendia). Bosgarrena, aldiz, eskema horretatik kanpo dago. Becketten
ipuina antierromantizismoari eginiko aldarrikapena da. Bost ipuinek,
baina, lehen amodioaren ikuspegi zabala eta osatua eskaintzen digute.
Liburua Dylan Thomasen Eztul txiki bikaina kontakizunarekin
hasten da. Ipuinak gazte batzuen ametsak, ilusioak eta atsekabeak
deskribatzen dizkigu. Lagun koadrila batek etxetik kanpo egun batzuk
igaroko ditu. Zoriontsuak dira tarte horretan gurasoengandik urrun
egongo direlako, eta horrek helduak direlaren seinale da. Biraoak
esango dituzte, berandu arte suaren inguruan istorio lizunak elkarri
kontatuko dizkiote, eta neska ederrak ezagutuko dituzte. Oraindik,
baina, arrebaren motxila eramateaz lotsatzen dira, eta klaseko mutil
nagusiei beldur diete.
Cesare Paveseren Lehen amodioa-n, berriz, bizitza
den bezala ezagutzen hasi den Berto agertzen zaigu. Lehen auzoko
lagunekin jolastea gogoko zuen, baina hirikoa den Nino ezagutu zuenetik,
haren aurrean haurtzaroko lagunez lotsatzen da, pobreak direlako,
zapatarik ez dutelako, eta umeentzako jolasetan dihardutelako egun
osoa. Eta Ninorekin heldu sentitzen da. Bertok oraindik ez daki
umeak nondik datozen. Horregatik, etxean txekorra jaiotzen denean
Ninoren bila abiatuko da, munduko sekreturik handienaren jabe bailitzan.
Gerard de Nervalen biografiarekin lotura estua
du Sylvie-k, bildumako hirugarren ipuinak. Maitasun idealizatuaz
mintzo da Nerval, berak aktore batekin izan zuen bezalakoa. Hala
izaten da lehenengoz maitemintzen garenean, berezkoak ez zaizkion
dohainak ikusten ditugula bestearengan. Era berean, lortzen ez diren
emakumeak ederrenak izaten direla azaltzen du ipuinak. Hasiera batean,
istorioko protagonista Sylvie baserritarrarekin maiteminduta dabil.
Dantzaldi batean gerora moja sartuko den Adrienne ezagutuko du,
eta bere irudiarekin obsesionatu egingo da. Sylvie eskura duelako
ez zaio hain interesgarria egiten, eta hura galtzen duenean ohartuko
da agian zoriontasuna Sylvieren ondoan lortuko zuela. "Ilusioak
banan-bana erortzen doaz, fruitu baten oskolak bezala, eta fruitua
esperientzia da. Zapore mingotsa du; badu, ordea, bizkortzen duen
zera mikatz bat ere", dio De Nervalek. Berak idazten duen moduan,
Adrienne eta Sylvie amodio bakar baten erdiak dira. Ideal sublimea
bata, eta errealitatea bestea. Sylvie herritarra beltzarana da,
eta Adrienne, aldiz, ilehoria eta azal zurikoa.
Guy de Maupassanten Txangoa-k, berriz, familia
batek basoan antolatzen duen bazkaria deskribatzen du. Kontakizunean
industrializazioaren lehen aztarnak ageri dira. Lantegi tximinia
luzeak, petrolio usaina eta soro ustelak, natura garbiari kontrajartzen
zaizkio, eta garai berriekin batera desagertuz doazen familia zein
natur giroa malenkoniaz deskribatzen ditu idazleak.
Ipuin gogorra bezain ironikoa da Samuel Beckettek
idatziriko Lehen amodioa. Aurrekoei meriturik kendu barik, guretzako
bildumako onena da. Amodiozkoa baino desamodiozko istorio bat da,
egoera orok bezala, maitasunak ere kontrako interpretazioa izan
dezakeelako. Bertan, kanposantuak gogoko dituen pertsonaia bat agertzen
da, zeina errealitatea irudimenetik bereizteko gai ez den. Aberria,
maitasuna, bizitzak berak ez diote inolako sentimendurik pizten.
"Amodioa esaten dioten hori erbestea da", azaltzen du.
Baina emagaldu bat ezagutuko du eta bere teoria guztiak kolokan
jarriko dira. Akaso maitemindu egin da? Ezinezkoa da, benetan maitatuko
balu ez luke bere izena gorotz artean idatziko.
Sepia koloreko argazkien modukoa da liburu hau:
aspaldikoak izan arren, irudietan agertzen dena gertukoa zaigu.
Demagun argazki horietako batean ume bat agertzen dela, ibaiertzean
jesarrita. Buruan lastozko kapela bat du eta eskuan kainabera. Atzean,
amaigabea dirudien zuhaitzez beteriko basoa ageri da. Ezin ditugu
koloreak bereiztu, baina, hala ere, paisaiaren berdea, zeruaren
urdina eta kapelaren horia senti ditzakegu, baita eszenari darion
lasaitasuna ere. Erromantiko zein ez, Lehen amodioa irakurri beharreko
liburua da.
|