|
Nola hasten da amodioa?
Joxemari Carrere
Nork ez du gogoan lehenengo amodioa? Uda hura?
Herriko festa berezi haiek? Edo ustekabeko elkartze hura? Nork ez
du gogoan amodio hark sortarazi zizkigun zirrarak eta ametsak? Baten
batek -arima asperturen batek- gutxietsi egingo du sentipenen ate
zabala zabaldu zigun elkartze hura. Elkartze agian urrundua, agian
ezezaguna, baina aztoramendu txingurritua, biziarazitakoa. Lehengo
amodioa, munduaren zabala ezagutu genueneko une ahaztezina. Lehenengo
amodioa, laztanen beste dimentsioa ikasi genuenekoa. Lehenengo amodioa,
gau goibelen laguntzailea. Nork ez du lehenengoz norbait maite izan
erraiak urtzeraino? Gogoa bere onetik irten arte? Errealitatea desiraren
galbahetik iragazi? Eta, beharbada, poemarik sentikorrena idatzi.
Bai, badakigu, handik urteetara lotsatu egiten gaitu poema txoro
horrek; baina berrirakurtzean aspaldiko garaietara garamatzan amets
gozoa izango dugu.
Tira, zer esango dizuet, jakin jakingo duzue zuetako
bakoitzak zer den lehen amodioa, eta bakoitzak bere esperientzia
izango du eta hori trukagaitza da. Eta horretaz ari dira Igela argitaletxeak
argitaratu berri duen liburuan. Literatura sailean atzerriko egileen
lanak argitaratzen dituen hamabigarren eskaintzan gai hori jorratzen
da. Bost idazleren ipuinak ekartzen dizkigu argitaletxe nafarrak,
bostak ere literatura unibertsalak eman dituen idazlerik handienetakoak.
Dylan Thomas, Cesare Pavese, Gerard de Nerval, Guy de Maupassant
eta Samuel Beckett hurrenez hurren izango dira lehen amodioaz istorio
zoragarriak kontatuko dizkigutenak. Bildumari ere izenburu hori
jarri diote: "Lehen amodioa".
Estilo ezberdinaz kontatutako istorioak, non idazle
bakoitzaren estiloa argi ikus dezakegun. Dylan Thomasek bere jatorrizko
Galesko gazte giroa ekarriko digu, lagunartean egindako irteeran
gertatutakoa. Pavese italiarrak samurtasunez eta era berean barru
kontzientziaz ariko zaigu sentimenduen bide azalezinak erakutsiz.
De Nerval frantziarra erromantizismoaren estilo garbienaren erakuslea
dugu; eta Maupassantek beldurrezkoa baino ezusteko elkartzeen samurtasuna
eta ametsa biziaraziko dizkigu, errealitatearekin alderatzen denean
bizitzaren alderik saminena azalduz. Frantsestutako Beckett irlandarrak
ipuinen artean estiloan bortitzena eskaintzen digu, bere ohiko estiloari
jarraituz. Agian, azken honek erakusten digu ikuspegirik orijinalena
eta gure garaietatik hurbilen dagoena, batez ere etorkizunik gabeko
bizitzaren isla deskribatzerakoan. Guztiak ederki itzuliak Joseba
Urteagaren eskutik, itzultzailearen lana ondo beteaz, hau da, protagonismoa
egileari utziz.
Liburu hau esku artean hartzen duen irakurleak
literatura unibertsaleko bost idazleren estilo zein istorioekin
gozatzeko aukera ederra izango du eta, bide batez, bere lehen amodioa
ekarriko du gogora, eta, ziurrenik, guztietan aurkituko du bere
burua islatua, esaldi bakar batean besterik ez bada. Azken finean
literaturaren helburua hori baita, irakurlearen barruak mugiaraztea,
irakurtzen ari den istorioa bere baitan garatzea eta imajinatzea,
bere irudiak sortuz idazlearen laguntzaz. Ipuin hauekin irakurleak
lehen amodio guztiak ezberdinak direla ikusiko du eta, berdin, denek
errotik gauza bere direla, alegia, norberaren bizitzari sentimenduen
bide ezezagunen aztoramendua erakusten digutenak.
Zorionekoak gu, halako lanak euskaraz, edizio
txukunetan eta itzulpen egokietan eskuratzerik badugulako. Egitekorik
badugu oraindik, baina bidea lehenengo urratsarekin hasten da. Amodioa
bezala.
|