|
"Hard-boiled"
Gotzon Hermosilla
Josu Landak Odolbildua eleberria aurkeztu zuenean,
aukera baliatu zuen Igela argitaletxearen Sail Beltza goraipatzeko,
eta aitortu zuen sail horretako liburu guztiak irakurriak zituela,
Mentxu eta osterantzekoen abenturak idazteari ekin baino lehen,
bere burua kokatu eta girotzeko. Landaren adierazpenek hizpidera
ekarri dute ostera ere Igela argitaletxea, nobela beltzaren klasikoak
gurera ekarriz, egiten ari den lan isil eta eredugarria. Beraz,
une egokia da sail horretan hamalaugarrena egiten duen Iruzurgilea
James M. Cainen liburuaz ohar pare bat egiteko.
Mundu guztia bat ei dator The postman always rings
twice (Postariak beti bi aldiz deitzen du) Cainen lanik nabarmenena
dela adieraztean. Horretan, noski, zerikusi handia izango zuten
nobela hori oinarritzat hartuta egin diren bi film ezagunek. Iruzurgilea
bi urte geroago argitaratu zuen, 1936an Liberty aldizkarian, eta
1943an berriro kaleratu zen beste bi nobela laburrekin batera, Three
of a kind izeneko bilduman. Iruzurgilea ere pantailaratua izan zen,
1940an, Money and the woman izenburupean, baina haren arrakasta
ezin da The postman-ek lortu zuenarekin alderatu.
Dena dela, Xabier Olarrak oraintsu itzuli duen
lanak eta postariarenak harreman handia dute. Hasteko, eta narratzen
zaizkigun istorioak guztiz desberdinak diren arren, bietan agertzen
da Cainen obsesioetako bat: neurri bako pasioa. Bietan, gizon bat
emakume ezkondu batekin maitemintzen da, eta pasioak, grinak, inkernuak
(Otxandio aldean dioten moduan) edozein gauza egitera bultzatuko
ditu, krimenik lazgarrienak barne. Postariak... eleberrian, senarra
hiltzera deliberatzen dira maitaleak; hemen, aldiz, senarrak ustez
egindako iruzurra estaltzen eta konpontzen saiatuko da Dave Benett
narratzailea; eta horretarako, arriskuan jarriko ditu lana, etxea,
ondasun guztiak, ospea eta, azkenean, bizia bera ere bai. Den-dena,
liburuan esaten den moduan, "sexu-tiramenak" eraginda.
Traizioa da Cainen beste gai kuttuna, Postariak...
irakurri edo ikusi duzuenok jakingo duzuenez. "Adiskide, emakume
batek burua zenbateraino hartua dizun jakin nahi baduzu, hasi pentsatzen
ziria sartzen ari zaizula, eta ikusiko duzu", diosku Benettek
liburuaren pasarte batean. Eta nobela osoan zehar etengabea izango
da Benetten (eta irakurlearen) zalantza. Azken momentura arte, matazaren
hari guztiak askatzen diren unera arte, ez dugu jakingo non dagoen
benetako iruzurra, nork sartzen dion ziria nori.
Eta hori guztia, hard-boiled estilorik gordinenean
idatzirik, apaingarririk gabeko elkarrizketez hornitua, Cainek hain
gogoko zituen biolentzia-eztandek zipriztindua, eleberri beltzaren
tradiziorik behinenean. Grinazko istorio bat kontatzeaz gain, AEBek
30eko hamarkadan nozitu zuten beheraldi ekonomikoaren osteko gizartea
ederto deskribatzen du Cainek, eta bere pertsonaiak patuak agintzen
dien bizimodu gris eta hitsetik ihes egiten saiatuko dira behin
eta berriro, horretarako eskura dituzten lanabesak erabilita: lapurreta,
iruzurra, indarkeria. Iruzurgilea ez da maisu-lana; Postariak...
eta Olarrak berak itzuli eta Igelak argitaratu zuen Galbidea nobelekin
erkatuta, bigarren mailako lana begitantzen zaigu. Baina, hala eta
guztiz ere, entretenigarri soila izatetik urrun dago, eta Cainen
idazkeraren eta obsesioen adierazgarri aparta dugu.
Amaitzeko, nobelak on line jartzen diren garaiotan,
liburua objektu bezala maite dugunok badugu zer eskerturik Igelari;
izan ere, liburuaren itxurak (formatu txikia, azal bigunak, paper
merke grisaxka) pulp edizioak edo gaztetan irakurtzen genituen detektibe-nobela
ziztrin baina xarmaz beteriko haiek ekartzen dizkigute gogora, eta
eleberri beltzak argitara emateko formatu egokia delakoan gaude.
|