|
Amets amerikarraren ifrentzua
Paula Iribertegi
Duela urte batzuetatik hona Nobela Beltza deitzen den hori literatur
kultuaren eremura jasotzeko hainbatek egin ahalegina gorabehera,
dagoeneko badakigu irakurle, kritikari eta idazle sail oso batek
hagitz aristokratikoak ez diola generoari bere jatorri
apala sekula barkatuko. Dakigun bezala, hizkuntza eta toki guztietako
milaka edo agian milioika irakurlek polar, pulp edo izen horren
pean datorren ororen bila abiatu, erosi eta irakurri egingo dutela
sukartuaren grinaz. Sail batekoa izan, bestekoa izan, honela da,
kito. Hitz gehiegik, pelikula gehiegik, iritzi gehiegik, epigono
gehiegik zamatzen dute generoa, aurreiritzirik gabeko irakurketa
ezinezkoa egiteraino.
Eta, hala ere, ustekabean harrapatzen du irakurlea
Hobe nuen etxean gelditu honek, ez delako generoaren ohiko ezaugarriak
aurkezten dituen nobela: ez dago detektiberik, ez armarik, ez tirorik,
ez krimen odoltsurik. Sistema batek saltzen duen plastikozko amets
faltsuaren atzean gordetzen denaz dihardu nobelak, Hollywoodera
zinema munduan izar bihurtzeko esperantzan joandako bikote baten
gorabeheren bidez.
Chandler, Hammet edo James M. Cain bezalako
idazle dagoeneko ilustreen ondoan, ezezagun samarra zaigu Horace
McCoy hau, bere izena kasik orduko idazleen errolda osatzen duten
zerrenden betegarria baizik ez dela. Madarikatuetan madarikatuena,
nire datuak zuzenak badira bere nobelarik ezagunenak Igelak
ere euskaratua, Zaldiak akatzen ditugu, ba... tituluarekin
Ingalaterran aurkitu zuen argitaratzailea Estatu Batuetan baino
lehenago. Orobat, Un linceul n'a pas de poche, titulu horrekin eta
frantsesez lehenago agertua ingelesez baino.
Datu horiek eman dezakete McCoyren ibilbidearen
neurria, hau da, adierazten dute bere lanak herrikideen artean jaso
zuen indiferentziazko mantuaren nolakoa. Entzun nahi ez direnak
erraten ausartzen denaren patua, usu. Zaldiak... berak ere argitaratu
eta askoz ere geroago arte ez zuen arrakastarik bildu, 1969. urtera
arte, zehatz, egilea ordurako 14 urte zetzalarik hobiraturik; eta
arrakasta bildu ere, zinemari esker bildu zuen, urte horretantxe
egin baitzuen Sidney Pollack zuzendari ezagunak frantsesezko izenburuaz
On achéve bien les chevaux (Zaldiak akatzen ditugu ba...)
izeneko pelikula, Jane Fonda eta Michael Sarrazin protagonista nagusi
zituela. Arrakasta berantiarra... salbu eta Frantzian: Camus, Sartre
eta Beauvoirren onespena jaso baitzuen McCoyk, lehen amerikar esistentzialistatzat
hartua izateraino. Woody Allenek aspaldi gaztigaztu gintuen: eskerrak
Frantzia baden... Arrakasta beti erlatiboa izaki.
Eta Hobe nuen etxean gelditu hau bigarren mailako
lana baizik ez omen da, baita honelako idazle apal eta ez arras
balioetsiaren obraren barruan ere. Arraskastaren misterioak. Niri
asko-eta on-ematen duen nobela iruditu zait: lehenik, eta oroz gain,
apalak eta azpiratuak gehienetan eta damurik! eman ezin
duen bere apalaratzearen eta azpiratzearen bertsioa, konpreni dezagun
sistema-errotaren engranajeetan gordetzen den berezko bortxaren
eta injustiziaren nolakoa. Bortxa isila, itzalekoa. Injustizia anker
eta koldarra, bi aldiz injustizia hitz bihurtuko duenik ez dagoen
ber.
Eta gero, pertsonaia batzuk maitagarriak, nola
baitira Ralph inozo eta enajenatu samartua, eta Mona, batez ere,
hasmentatik finitzeraino hazten eta duintasuna irabazten doan Mona.
Eta gero, sekula gauzatzera iristen ez den
eta, haatik, kontakizunaren azpitik taupadaka ari den bion arteko
harremana, orri guztiak atmosfera berezi batez blaitzen dituen erromantze
ukatua.
Eta gero, generoan ohikoak diren dialogo ironiko
eta zorrotz batzuk ("Tolerante bihurtuko zaitut, baita horretarako
akabatu behar bazaitut ere"). Eta gero, gaur ere baliagarria
den lekukotasun bat, mundu honetako inozo eta enajenatu guztiontzat.
Urrutiko intxaurrak hamalau...
Asko eta on eman trukean arras guti eskatuz,
irakurketa atsegina eta leuna baita, zarata, zabor eta interferentziarik
gabea. Hemen justiziazkoa da Fernando Rey itzultzailearen aipamen
egitea, noski. Dagoeneko zonbait itzulpen irakurri dizkiogu, eta
beroriek argi aski erakutsi dute lehen mailako itzularia dela, azken
garai hauetan galtza bete lan dabilena, kemenez. Eta eskertzekoa
da. Eskertzekoa den bezala eskaintzen duen hizkuntza eredua orekatsua
eta egokia izatea, liburu honetan bederik. Eskertzekoa den bezala,
finitzeko, Igela argitaletxeak bere gain hartu eta zintzo betetzen
duen lan eskerga. Horregatik egiten ez dutelarik ere... norbaitek
emango ahal die merezi duten pagamendua!
Nik ez dut duda izpirik gaurko Hollywoodek
ere kara handiagoa edukiko duela McCoyk orain 50-60 urte margotu
zuenarekin, gaurko edotariko glamour-saltzaileek sinetsarazi nahi
digutenarekin baino.
Berria, 2003-09-13
|