Historiarik
goibelena
Markos Zapiain
Izenda liteke giza patuaren zitala, izenda liteke apalkiago tentelkeria:
kontua da sarritan eman egiten zaigula gura duguna, eskura dugula
asebeteko gintuzkeena, baina ihes egiten uzten dugu, bizitza latz
bihurtuz. Guztiei gertatzen zaie eleberri honetan, eta narratzaileak
akiturik idazten digu, itzaltzen ari denaren axolagabetasun goxoaz,
sentibera izaki larregi nozitutakoaren akabamendu eta adio aldarteaz.
Hasieran oreka ederra da nagusi lau protagonisten artean. Edward
Ashburnham soldadu zintzoa (egoki dagokio Martxelo Otamendiren antzirudia),
haren emazte Leonora (Pili Kaltzada), narratzaile delikatua (X.
Mendiguren gaztea) eta haren emazte Florence (Yolanda Arrieta) pozik
dabiltza elkarrekin, adiskidetasun goxoak ditu batzen, talde maitagarria
osatzen dute. Ford Madox Fordek artisau artatsu baten arduraz azaltzen
du giza harremanen eta sentimenduen oreka ederra nolatan doan geldika-geldika
ahultzen, azkenik era ikusgarrian zapartatzeraino -eromena, suizidioa.
Xeheki eta malgu ematen digu gertaerek sentimenduak aldatzeko duten
moldeen berri, maitasun kontrolagaitzaren berri –kontrolagarria
den sentimenduak ez baitu maitasun izena merezi-, hondamendia dakarrela
edonorentzat, oroz lehen norberarentzat, nabari-nabaria izan arren,
ezin bidera daitekeen grinaren berri.
Alde batetik, taldeko bikoteak barrutik hausten dituen arazoetako
bat, elkartze guztietan, ezkontzetan adibidez, sarritan nabari den
norberaren nortasunaren edo bizitzaren alde lotsagarri zein mingarri
bati buruz bizikidea engainatu nahia duzu, jasanezina baita baten
ahulezia txikiez ohartzen denarekin etengabe egotea.
Bestetik, egitura bizi orotan bada osagai bat ihes egiten duena,
bildua sakabanatuz. Halatan, talde oro da hein batean itxi, badu
hortaz kanpoalde bat, eta indarren batek beti bultzatzen du taldekideren
bat kanpoalde gorri horretarantz, taldea horrenbestez hautsiz. Eleberri
honetan kanpoaldea Nancy da (Ainhoa Goenkale), taldekideak ez bezalakoa
sorkuraz, menturaz zein adinez. Eta Edward Ashburnham taldekidea
Nancyrengana dandarrez daroan indarra maitasuna da.
Hemen maitasuna gorputz grina ere bada, noski, baina ez funtsean.
Biografietan ez da aintzat hartzen heroiak jan-edan egiten zuela,
komunera joaten zela. Orobat, Historiarik goibelena honetan, maitasunari
dagokion gorputzen elkartzea burutu nahia hortxe dago, baina ez
da esanguratsua. Urrikalgarriak, larrua jotzea bizitzako ariketa
gorentzat dutenak. Eleberri honetan maitasunaz ageri den ikuspuntua
hagitz interesgarria da, arras ez-ohikoa. Maitasunaren gakoa ez
baita hemen konkista, ugaltzea, korrespondentzia, bortxa, irautea,
plazerra edo menderakuntza. Edward Ashburnhamen maitatzeko maneraren
funtsa, izan ere, esplorazioa da, lurralde berrien aurkikuntza.
Fordek dioenez “bekainaren bihurdura bat, ahots baten tonu-gorabeherak,
keinu bitxi berezi bat...gauza horiek guztiak –eta gauza horiek
dira maitasun grina pizten dutenak- paisajeko zerumugan dauden gauzak
bezala dira, eta gizona zerumugatik aurrera joatera bultzatzen dute,
esploratzera”, harik eta mundua maitearen begiez ikusi arte,
maitearen ahotsa beti eta nonahi entzun arte, maitearen keinuak
guztiaz nagusi daitezen arte. Ashburnhamen bihotza ahitzen duen
benetako sua, bere burua galduz maitearekin identifikatzeko irrika
bortitza da: maitea bilakatu, haren ukimenaz ukitu, haren mingainaz
dastatu. Paradoxaz, bere burua galduz sentitzen da Ashburnham hain
zuzen ere babestua, eta indarberritua. Hain dago bestela bakarrik,
hain izuturik...
Haatik, esplorazioetan gertatzen den legez, denboraren joanak
begi horiek, mingain hori, adats ederra, ezagunak egiten ditu, ezusteko
aurkikuntzak aspergarri. Horixe duzu hain zuzen ere eleberriari
izenburua ematen dion historiarik goibelena, horixe Edward Ashburnham
Leonoraren, La Dolciquitaren, Basil andrearen, Maisie Maidan gaztearen,
Florenceren besoetara daroana.
Alabaina, Forden ustetan maitale orori heltzen zaio bizitzan abagune
bat, non maiteak gogoan ezartzen dion zigilua sekula betikoz baitio
ezartzen. Nancy neskatxarekin gertatzen zaio Ashburnhami. Nancy
ezagututakoan Ashburnhamek ez du berriro motxila hartuko, ez ditu
lurralde berriak arakatuko, esploratzeari utzi egingo dio. Horrexek
amatatuko ditu bi-biak.
|