|
Heldutasunerainoko bidearen latza
Aritz Zubiate
Hamaika antropologok esana dute emakumea
"kontraesan guztien askatzailea" izan ohi dela gizarte
landatar tradizionaletan. Hau da, arazo garrantzitsuen konponketa
andrazkoen esku gelditzen dela. Aurrekoa horrela izanda, bidezkoa
da emakumeen nerabezaroa latza izango dela pentsatzea, batez ere
heldutasunaren etorrerarekin hainbat erantzukizuni aurre egin beharrean
aurkituko baitira. Maitasuna bikotekidea aurkitu behar hutsera mugatzen
da giro horretan, "kontua dun norbait izatea, bizitza tristeegia
baita emakume batentzat bakarrik baldin badago". Amodio erromantikoaren
garaipenaz (eta inposizioaz) horrenbeste hitz egiten den garaian,
"komeniantzazko" bategite derrigortuetara atzera egingo
dugu.
XX. mendearen lehen erdian girotutako nobela laburra
da Hirira doan bidea. Herria eta hiria dira antzezleku nagusiak:
herriak "betikoa" irudikatzen du, hiriak, berritasuna,
modernitatea, haustura, plazer ezkutuen bilaketa, argiak. Bi munduon
artean aurkitzen da zubia, elkartu eta, era berean, banandu egiten
dituena. Behin eta berriro zeharkatuko du zubia Delia gazteak, liburuko
protagonistak, hiriko haize freskoaz gozatu ahal izateko, heldutasuneraino
daraman bidean etapak errez doan bitartean.
Natalia Ginzburgek, bere lehen nobela honetan,
Delia gaztearen ikuspegia hartzen du, lehenengo pertsonan bere bizitzaren
kronista bihurtuz. Emakumeen mundua da liburuko protagonista, ezkontzeko
irrikan dagoen neskatilatik senar eta semea (familia) duen andrazkoaren
ibilbidea islatzen digu autoreak.
Nobela labur honetan hiria da askatasunaren sinbolo,
izan ere, "hiriak egingo zaituzte aske" lemapean bukatu
omen zen feudalismoa. Hiria, nekazaritza giro tradizional eta zapaltzailetik
ihes egiteko era bakarra. Etxe eta familiako lanetatik alde egin
eta berandu altxatzea, kafeetako egurats epela eta burgesiaren arinkeria
eta luxua bilatzen ditu Delia protagonistak zubiaz bestalde dagoen
hiri argitsu eta ezezagun baina koloretsuan. Herritik alde egitekotan
edozer da posible, sentimenduen eta xantaiaren erabilpena barne,
helburu bakarra lortzeko bitartekoek ez dute axolarik.
Liburuan ez dago artifiziorik, edukiaren gordintasun
eta sentimentalismorik eza formara ere iragazten da, ez dago baliabideen
aparteko joritasunik, autorearen beraren hitzetan, "esaldi
bakoitza zartada edo belarrondoko bat izatea nahi nuen". Erritmoa
bizia da, Deliaren bizimoduko aldaketa arinek ziztu bizian garamatzate
aurrera, bortizkeria eta gorrotoa nagusi diren lekuan ez dago balizko
edertasunaren kontenplazioan denbora xahutzerik. Giza izpirituaren
elementurik nazkagarrienak familiaren baitan aurkitzen direla uste
duenak bere tesien onarpena aurkituko du liburuaren orrialdeetan
barrena, gorrotoa eta ezinikusiak ez kanporatzen ahalegin bereziak
egin arren ("auzokoek ez dezatela ezer jakin").
Badago, hala ere, badago amodio erromantikorako
zirrikiturik, ezinezkotasun aureolaz agertuko zaigu, haur jolasen
inozentziaz, nerabezaroko ametsen zelofanetan bilduta. Heldutasunak
dakarren pragmatismoa amets eta desioen munduari gailenduko zaio.
Gogorra da Ginzburgen liburua, gogorra kontatzen
duena, baina sinesgarria era berean, oso sinesgarria. Beharbada
horregatik gustatu zaigu horrenbeste. Lagun bati entzun nion behin
idazten duenak zeresana izan behar duela, Hirira doan bidea-ren
autoreak ez du falta eta, gainera, kontatzeko modu txukuna aurkitu
du.
|