Jainko
txikien bila
Mikel Garmendia
"Edale sainduaren kondaira" baino sei urte lehenago idatzi
zuen Joseph Roth austriarrak eleberri hau. Bi eleberrien arteko
antzekotasunak nabarmenak dira eta hori gutxi balitz, gurera, itzultzaile
berberak, Matias Mugicak, ekarri dizkigu itzultzeko tankera bertsuan.
Bada, ordea, bereizten dituen zerbait: eleberriaren
planteamendua. Oso xinplea da, berez. Lehen pertsonan mintzo zaigun
narratzaile batek egileak bera akaso Parisko taberna
errusiar batean kokatzen gaitu, Taribari tabernan. Bertako bezero
bati "gure hiltzailea" deitzen diote ezizenez eta aipatutako
narratzaileak ezizenaren zergatia galdetzen diolarik, bezero horrek
erantzuten dio urte batzuk aurrerago gizon bat eta emakume bat hil
zituela, edo hala uste zuela behintzat, eta, nahi izanez gero, hantxe
bertan kontatuko zuela gertatutakoa. Horra nola bilakatzen zaigun,
beraz, tabernako bezero hura, lehenengo pertsonan hau ere ("I
as protagonist"), istorio nagusiaren kontalari. Bidenabar,
amaierara arte adi eta jakin-minez mantenduko gaituen enigma aurreratzen
digu eta eleberri beltzara garamatza nabarmen.
Kontaketa nagusi horretatik, tarteka, hasierako
abialekura, tabernara, itzularazten gaitu narratzaile nagusiak eta,
hala, eleberriaren planteamenduko perspektiba ez galtzen laguntzen
digu. Kontakizuna gau batean kontatzen du Golubtxik tabernakobezero
narratzaile eta istorio nagusiko protagonistak, eta, denbora mugatua
izan arren, tabernako erlojua geldirik dagoenez, halako mugagabetasun
bat ematen zaio tabernako gau-pasa moduko hari.
Istorio nagusiaz denaz bezainbatean, Golubtxikek
agindu bezala, gizon baten eta emakume baten hilketa hasieratik,
Golubtxik mutil kozkorra zenetik, kontatuko digu. Badira, ordea,
bi maila bereizi beharrekoak: batetik, trama bera azkeneraino, enigma
argitu bitarteraino garamatzana; eta bestetik, garapen horrekin
batera, paraleloan, gertatzen den beste garapena, Golubtxiken beraren
prozesu pertsonala, edo eleberrian esango zaigunez, pertsonaren
aberetzea. Arras modu interesgarrian eta mila xehetasunez adieraziko
zaigu prozesu hori. Bada euskaraz lokuzio bat eleberria irakurtzen
ari nintzelarik burura etorri zaidana: "Jainko txikien berri
izatea". Jainko txikien berri abiatzen da Golubtxik, sasiko
seme dela ohartzen denetik, eta "jainko txiki" horiekiko
etengabeko harremanetan joango da xalotasuna galtzen, baita ongiaren
eta gaizkiaren arteko borroka estuan, bere burua gorrotatzerainoko
bidaian, non alkohola izango zaion aterpe bakar. Horra, oraingoan
ere, alkoholaren presentzia erabakigarria: "Honelakoxea naiz
benetan: gaiztoa, mozkorra, baina argia. Joseph Roth".
Matias Mugica itzultzaileak gozatzeko moduko
bertsioa eman digu euskaraz. Aski gauza onartua da, itzultzaileon
artean bederen, itzulpenik onena itzulpena denik nabaritzen ez zaiona
dela. Eta halaxe gertatzen da honekin: batere problemarik gabe korritzen
du testuak, fresko, natural. Konplexurik gabe eta naturaltasunez
itzulita, agerian uzten du literaturarena eta literatur itzulpenarena
dugula alorrik aproposena lizentziak hartzeko, transgreditzeko eta
esperimentatzeko. Gozamen ederra hartzeko eleberria, egiazki.
Gara, 2003-06-28
|