|
Henrik eta Konrad
Amagoia
Iban
Sandor Marai idazle hungariarraren nobela ezagunena itzuli du Xabier
Olarrak. Ez dakigu hitza «tristura» ote den. «Egonezina»
esatea, agian, zehatzago izatea litzateke. Azken hitzordua-ren berrehundik
gora orrialdeak irakurri ostean geratu zaigun aldartea idazlearen
lorpen handia dela besterik ez dakigu. Adiskidetasunaz mintzo zaigu
Sandor Marai Henrik eta Konrad izeneko pertsonaien bitartez, baina
beste gogoeta batzuetarako aukera ere ematen digu pixkanaka-pixkanaka
trinkotzen doan testuan. Henrik Hungariako familia dirudunekoa da,
etxeko militar tradizioa jarraituz gaztetxotik Vienatik gertu dagoen
Akadernia Militarrean hezia. Akademian ezagutu du, hain zuzen ere,
diru askorik ez duen Galiziako etxe batetik bertaratua den Konrad.
Bi hamarkadatan lagun minak izandakoek, ordea, berrogeita bat urtetan
ez dute elkarren berri izan. Konradek tropikora ihes egin zuen.
Hausturaren arrazoia sekretua da, baina. Biek bakarrik (eta Nini
inudeak) dakite euren bizitzak markatu dituen gertakizunaren berri,
eta biek hitz egin nahi dute horri buruz. Hirurogeita hamabost urte
dituzte jada, eta galdera pare bat dute elkarri egiteko. Aspaldi
hil zen emakume baten oroimena dute gogoan. Eta biek ezagutu zuten
Austria-Hungariako imperioaren gainbehera,
Errusiako Iraultza eta Lehen Mundu Gerra gertatu dira; ez dute
etortzear den Bigarren Mundu Gerra aurreikusten; elkar berriro ikusteko
gogoa gailendu egin zaio euren sentimenduen arteko aldeari, «Bazuan
mundu bat, haren alde bizia eta odola ematea merezi zuena. Mundu
hura hila duk. Nik ez diat zerikusirik berriarekin», dio Konradek,
«Niretzat, mundu hark bizirik jarraitzen dik, nahiz eta errealitatean
izateari utzi dion», erantzuten dio Henrikek. Konrad bolada
luze batean ustezko soldadua izandako musikazalea da eta Henrik
musika gorrotatzen duen soldadua. Adiskideak ziren, baina, eta laguntasunaz,
mundua mugiarazten duten grinez, maitasunaz, traizioaz mintzo zaigu
Marais haien ahotik. Kontakizunaren tentsioa ederki areagotzen du
idazle hungariarrak.
Ulertu nahia
Euren bizitzei eta euren munduari gertatu zaiena ulertu nahi dute
nobela honetako pertsonaiek. Ulertzeko obsesio horrek elikatu du
Henriken eta Konraden itxaronaldia. Horretan, sortu dituen idazlearen
biografiarekin egiten dute bat. Sandor (Grossmidcht) Marai, bere
pertsonaiak bezalaxe, Austria-Hungariako inperioak hartzen zuen
Kassa herrian jaio zen, 1900 urtean. Txekoslovakiaren zati izan
zen jarraian, Eslovakiarena azkenik. 1942an idatzi zuen Azken hitzordua
Maraik eta amaitzear den mundu baten argazkia eskaintzen digu, Europa
erdialdeko XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen harnarkadetako
gizartearen deskribapena, iraganak orainaldian duen pisua azalduz.
Malenkonia dario Marairen ahotsari. Ez da harrigarria egiten norbaitek
idazle honi Proust hungariarra ezizena jarri izana. Bigarren Mundu
Gerra amaitu artean, hogeita hamar bat nobela idatzi zituen eta
arrakasta polita lortu zuen. Alemanian eta Frantzian bizi izan zen
faxismoaren garaian. Itzuli egin zen, ordea, eta 1948an atzera erbestera
jo zuen, komunismoa atzean utzita. AEBetako San Diegon jarri zen
bizitzen.
Erbesteak, pixkanaka, ahanzturaz estali zuen haren lana. Hasiera
batean, bere liburuak galarazi egin zituzten Hungarian. Urteek aurrera
egin ahala, botere sobietarrak indarrean egon bitartean bere lanik
han ez argitaratzea erabaki zuen. Bere buruaz beste egin zuen 1989an.
Emaztea eta seme bakarra hil berriak zitzaizkion. Bilobak harritu
egin omen ziren aitonaren ehunka ohar kaier aurkitu zituztenean.
Telebista talde bat idazle hungariar handienetako bati buruz galdezka
joan zitzaienean, ez omen zekiten ezer aitona idazleaz.
Euskaraz eman digu orain Xabier Olarrak. Datu harrigarri batzuk
gorabehera (Konradek hirurogeita bost urte dauzka adibidez, 85.
orrialdean; eta hamar orrialde aurrerago hirurogeita harnabost ditu),
aipatu ditugun kontu guztiak ateratzeko aukera eskaini digu Igelaren
bitartez. Eta, batez ere, liburu eder batekin gozatzeko bidea erraztu
digu.
|