Oharkabean
bizitako bizitzak
Oier Guillan
Liburua eskuetan hartu eta, lehenik eta behin, deigarriak
egin zaizkit egituraren zenbait ezaugarri; narratzailearen presentzia,
kasu. Honek dihardu liburu osoan zehar Balotta zaharra eta bere
familiaren bilakaera azaltzen. Baina narratzailea lerro arteko isiltasunean
galtzen da, ahaztu egiten ahal da irakurlea berataz istorioaren
amaiera aldera berriz parte aktiboa hartzen duen arte. Neurri batean
zentzuzkoa da, horrela familiaren istorio eta garai ezberdinak testuinguruan
zehatz kokatu eta garatzen baititu, gertu eta urrun aldi berean.
Deigarriak suertatzen dira, halaber, elkarrizketak burutzean zenbait
pertsonaien hitz-jarioan egiten diren etenak, isiluneen ondoren
hitz egiten hastea azpimarratzea, elkarrizketaren txandakako molderik
ezagunena apurtzea. Zenbaitetan honek nahasmena ekar lezakeen arren,
erritmoan irabazten dute elkarrizketa zati hauek, originaltasun
printzak ere eskainiz.
Beste ezaugarri esanguratsu bat pertsonaia
nagusirik eza izan liteke. Narratzailea galtzen den moduan, gainontzeko
pertsonaiek ere tarteka ezagutuko dute protagonismoa. Sakonki jasoko
dugu haien berri une jakinetan, eta gero berriz bigarren nahiz hirugarran
mailara igaroko dira. Guzti honek liburuan azaldutako giza-harremanen
saretik erauzten diren sentsazioetan murgiltzera garamatza, pertsonaia
jakin batekiko identifikazioan baino gehiago.
Sentsazio horien ildotik, maitasunari buruzko
gogoeta kausi liteke istorioz-istorio; batez ere gerra osteko
burgesiaren bizimodu eta giza-harremanetan. Badaude urtetan nagusitzen
diren sentimendu bakanak, baina ez dago inoiz errealitateak mugatu
edo eraldatuta abailtzen ez den harremanik. Maitasuna sentimendu
ekidiezin gisa agertzen bada ere, beti daude haren gainetik gailentzen
diren argitzalak eta pisu handiagoa dute hauek istorioen garapenean
pertsonaia bakoitzaren ameskeria eta xedeen hastapenetan gerta litezkeen
maitasun sentimenduek baino.
Esanguratsua da, bestetik, politikak duen presentzia,
gehienetan, zeharka bada ere, pertsonaien profila zehazterakoan
hartzen duen pisuagatik. Dirudunek politika nola bizitzen duten
islatzen da horrela; esaterako, zenbait pertsonaiak sozialista nahiz
komunista tituluak bere egin arren, gehienetan urrunetik bizi dituzte,
haien bizimodu eta tristeziekiko etengabeko kontraesanean.
Itzulpenari dagokionez, iruzkin hau sinatzen
duena apaltasunez bainoago ezjakintasun mingarriz mintzatu behar
zaio irakurleari, jatorrizko lana jatorrizko hizkuntzan jasotzeko
ezintasunagatik. Edonola ere, esan dezadan giza-harremanen sareak
sortutako sentsazioen amaraunetik jatorrizko lanean narrazio bizia
iradokitzen duela Lizarralderen itzulpenak; azaldutako bizimodu
eta denboraren igarotze geldoarekiko kontraesanetik erritmo propioz
labaintzen dira zenbait pasarte. Erreka batean ez bezala, baso erdiko
aintzira geldo apurka eraldatuan igarotzen da denbora, apurka besterik
atzeman ezin den sakontasuna erdietsiz..
Gerra osteko bizitza politikoan murgilduen
dabiltzanak, lehenago edo beranduago, haien bizimoduaren eta egunerokotasun
pisutsuaren mesedetan itzaltzen dute aktibismoarekiko grina.
Gara, 2003-08-16
|