|
Arratseko ahotsak ozen
Karlos del
Olmo
Igelaren moduko argitaletxeei esker, literaturaren
ozeanoan ez itotzeko borroka gaitzean gal ez gaitezen, Natalia Ginzburg,
beste idazle kuttun batzuen antzo, itsasargi salbagarri agertzen
zaigu, ez aienatzeko, esperantza galdurik hondora ez joateko. Gorde-gordean,
altxor gisa izan beharreko idazle horietako bat, alegia.
Ez omen zen emakume politikoa. Nahiz eta birritan
aukeratu zuten italiar senaturako. Haren bizimodua, beste idazle
askorena legez, eleberri ikaragarria idazteko modukoa. Lehenengo
Mundu Gerran familia aristokratiko batean jaioa eta faxismoaren
giro itogarrian hazia, lege arrazisten drama pairatu zuen: aita
eta senarra juduak zituen. Asko sufritu arren, beti defendatu izan
zuen bere intimitatea piztien antzera. Oso apal agertzen zen haren
idazkien balioaz, Migel bihotzekoa lana zinera eroan zioten arren.
Liburuetan ez du inoiz psikologiaz hitz egiten,
ez ditu pertsonaiak jokabide aldetik komentatzen. Ez ditu haien
jardukiera azaltzeko barne mekanismoak agertzen. "Inoiz ez
nituzke haurtzaroko jazoerak erabiliko egungo gertaerak azaltzeko
oinarritzat".
Idazle batzuek mundua ulertzeko idazten ei
dute. Mundua esplikatuz hura ulertu egiten dutelako. Ez da hala
gertatzen Nataliarekin. Komunikatzeko baino ez zuen idazten. Mundua
zer edo zer ulergaitza bihurtu zitzaionez gero, ulertzen ahalegindu
ordez (beste idazle handi batzuen antzera), mundua azaltzen saiatzen
zen. Mundua deskribatzen. Eta, horrela, haren liburuetan badirudi
ezen gauzak ia berez gertatzen direla, elkarren ostean kateatzen
direla bizirik baleude bezala. Harro zegoen mundua ez ulertzeaz.
Ginzburgen lanak laburrak izaten dira, jende
xehearen gaineko istorio barnerakoi eta gordeak. Hain dira egunerokoak
narratzen dituen jazoerak, non horiek irakurritakoan, irakurleak
tristura ikaragarrizko halako giro bat baino ez duen gordetzen gomutan.
Zaleak tantaka irabazten dituen idazlea dugu. Euskaraz ere, bigarren
aldiz eskuratzen dugu Igela argitaletxeari esker. Irakurleek Nataliaren
obra guztietan lexiko ezagun baten berba sekretu eta maitagarriak
topatuko dituzte, halako mintzaira.
Tragedia izugarriak bizi izan zituen arren,
lanetan, ordea, biktimen sufrikarioa guda, errepresioa, kontzentrazio
zelaiak ez du, normalean, zuzenean kontatzen, nahiz eta testuek,
beti eta ezbairik gabe, biktimen lekukotasun diren, gizabanakoaren
mina ideologien aurrez aurre dagoela. Politikak noraezeko duelako
emakume-gizonen mina erreferentziatzat hartzea.
Arratseko ahotsak (1961) trantsizio eleberria
da, auzokide zuen Ivy Compton-Burnett idazlearen lanak eredu, azpielkarrizketaren
teknika erabilita ondua. Erraz ulertzen da, idazlan honen aurrean,
zergatik maiztu zituen, haren ostean, antzerkiaren bide malkarrak.
Eleberriak idazten zituenean, beti iruditzen
omen zitzaion Ginzburgi esku artean ispilu apurrak zeuzkala, baina,
halere, esperantzari eusten zion, noizbait ispilua zatietatik osatuko
zituelakoan. Inoiz ez zuen lortu. Zenbat eta gehiago idatzi, orduan
eta urrunago itxaro horretatik. Azkenean, etsi egin zuen: miraila
hautsita zegoen eta ez zen, inondik inora, puskak elkarri itsasteko
modurik. Inoiz ez bide zuen lortu osorik ikusterik. Pertsonaren
identitatea hamaika nortasunetan apurtzen da, norbera inoiz ez da
bat eta bera izango, ispilu apurrak baino ez.
Eta Pello Lizarralderi itzultzea egokitu zaion
lanak erraza dirudien arren, ez dago itxuraz neke bakoa den zeregina
baino eginkizun lepoan eraman gaitzagorik. Baina Nataliak behinola
esan zigunez, "Literatura norberaren asuntoa da! Guztiz pribatua
eta askea, idazkuntza!". Eta itzulpengintza?
|