Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura  /  Gizon bat lotan

Gizon bat lotan

12,00

“Hogeita bost urte eta hogeita bederatzi hortz-hagin dituk, hiru alkandora eta zortzi galtzerdi-pare, jada irakurtzen ez dituan liburu batzuk, jada entzuten ez dituan disko batzuk. Ez duk beste ezertaz oroitzeko gogorik, ez familiaz, ez ikasketez, ez maitaleez, ez lagunez, ezta oporrez ere, hire egitasmoez ere ez. Bidaian ibili haiz, eta ez duk bidaietatik ezer ekarri. Eserita hago eta itxaron besterik ez duk nahi, itxaron soilik, itxaroteko beste ezer ez dagoen arte: gaua etor dadin, orduek jo dezaten, egunak joan daitezen, oroitzapenak ezaba daitezen”.

 

Honela ari da kontalaria bere buruarekin, “lotan dagoen” gizonarekin, baldankeriari bide eman eta indiferentzia erabatekoa zer den jakin nahi duen gizakiarekin.

 

Itzultzailea: Juan Luis Agirre.

Georges Perec

Eleberriak, poesia, saiakerak, antzerki-lanak eta zinemarako gidoiak idatzi zituen. Perecen liburuek konbentzionalismo guztiak apurtzen dituzte. Haien artean ez dute inongo antzik; ez zituen bi liburu berdin idatzi. Gurutzegrama, puzzle, akrostiko eta denbora-pasen maitale izaki, bere idazkeran hitzekin jolastea eta jolas hauek forma literario bezala erabiltzea gustatzen zitzaion. Desagerpena eleberrian, adibidez, e letra erabiltzeko debekua ezarri zion bere buruari, eta murrizketa horrek haien sormena eta irudimena bultzatu zituen.

Kontaketan protagonistak bereganatu nahiko lukeen neutraltasun bereko tonua darabil. Ahotsa ere narrazioaren beste berezitasun nagusietako bat da, istorio honen egiazko narratzailea pertsonaiaren kontzientzia baita, hari une oro hitanoa baliatuz zuzentzen zaiona. Izan ere, narrazio-mailan protagonista erabatekoa bada ere, istorioan lekuko huts bihurtzen da. Bere ingurua aztertzetik aparte, eta autoanalisi eta digresiorako joera konpultsiboa albo batera utzita, ez du apenas jarrera aktiborik erakusten. Baliteke Gizon bat lotan epikotasunik gabeko eleberria izatea, halere, estimulu urritasun egoera muturreko bat irudikatu arren, testu zinez estimulagarria da.

Iraitz Urkulok, 2014ko azaroaren 15ean.

Bigarren pertsonaren erabilerak mailu baten antzera kolpatzen du bere buruarekin mintzo den pertsonaia-narratzailea, begiak ixtea erabakiko du astunegia zaion existentziaz, eta arrazoirik gabe barneratzen zaion indiferentziaz jabetzeko edo desjabetzeko. Formari dagokionez, esperimentazioaren molde guztiak darabiltzan arren (lokamuts batean zehar pertsonaiak jasaten dituen esperientziak biziki onak dira) Perecek formaz honat ere badaki bere kartak jokatzen (pertsonaia aspertuak orduak eta egunak bridgean ematen dituen legez) kasu honetan, “xehetasun txikienen hautemate gero eta zorrotzagoa eta gero eta alferrikakoa…”. Ohiturak, asperdurak eta Paris urdindu baten zamak uzten dizkioten aukera itogarrien berri ematen digu, eta kasu honetan ez dauka txantxetarako gogo larregirik. Pertsonaia bizitzaren bidez suizidatuko da eta heriok ere ez du salbatuko. Narratzaileak salba lezake baina lar arduratuta dago kontakizun esperimentalean. “Ez hago hilik eta heriotzak ere ez hinduke jaregingo…”. Duda izpirik gabe, opari bikoitz itzela eskaini digu Igelak: narratzaile nekaezinaren begia lagun, uda axolagabe zeharkatzeko itsaso esperimentala.

Hasier Rekondok, 2014eko uztailaren 6an.

Itzultzailea

Juan Luis Agirre (Donostia, 1963). Igelara frantsesezko eta alemanazko obrak ekarri ditu. Txalapartan, Hans Keilsonen Minorreko komedia eleberria ere itzuli zuen 2017an.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

102

Neurria

12 x 20 zentimetro

ISBN

978-84-939460-2-9

Argitaratze data

2014/04/28

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!